2015(e)ko irailaren 14(a), astelehena

IKT-ak Alejandroren eskutik

      Jakina da, gaur egungo gizartearen oinarrietako bat IKT-ek osatzen dutela, inolako arazorik gabe gure eguneroko edozein jardueratan aurki ditzakegulako. Eta horri buruz hitz egingo dizuet gaurkoan, hau da, nik orain arte teknologiarekin izandako harremanari buruz, bai eskolan, bai nire eguneroko bizitzan.

      Nire bizitzan atzera egiten dudan bakoitzean, gutxi gorabehera zazpi urteko bidaia eginda, nire bizitzak aldaketa garrantzitsu bat jasan zuela konturatzen naiz, eta aldaketa handia izan zela nabaritzen dut, aspaldi neuzkan ohitura asko desagertu edo aldatu egin direlako. Nahiz eta badakidan teknologia berrien agerpenak gauza onuragarri orokor ugari ekarri dituela, nire esperientzia pertsonalean zentratzen naizenean, hain onak ez diren beste hainbat alderdi bultzatu dituela konturatzen naiz. 

      Azken paragrafoaren bukaeran bildutako ideiarekin jarraituz, esan behar dut, IKT-ak zabaltzen hasi zirenetik leku handia lortu dutela nire eguneroko bizitzan (eskola bertan barnebilduz), gaur egun huekiko dudan dependentzia edo hauekiko dudan gertutasuna gehiegizkoa bilakatu den arte. Horren adibide garbia da, garai bateko harreman edo pertsonen arteko interakzio fisikoen desagerpena, eta egungo erlazio birtualen agerpena.

      Lehen esan bezala, aldaketa guztiek alde negatiboez gain positiboa ere badute, eta IKT-en agerpenak gauza ugari egiteko gaitasuna eman didate, batez ere eskolan ikasitakoagatik: pertsona askorekin modu eroso batean kontaktuan jartzeko aukera; informazio edo datu bilketa zein trukatze azkar eta aberats bat egiteko aukera; programa ezberdinak erabiliz presentazio dinamikoak sortzeko aukera; irudiak edo musika biltzeko aukera; etab.

       Beraz, azkeneko bi paragrafoetako ideiak batuz, esan behar dut irakasle naizenerako, IKT-en aspektu teknikoek ez didatela beldurrik ematen, baina teknologia berri horietatik zein nigandik ikasleek jasoko duten mezuak aldiz bai; nire ustez egungo irakasleen erronka zailena ez delako erabilpen trebetasun maila altua lortzea (gazte gehienak arlo honetan trebeak direlako), egiten den erabilpen horren egokitasuna edo neurritasuna helaraztea baizik, teknologietan oinarritutako garapen prozesu hobea zein IKT formakuntza orekatua horrela lortzen delako.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina