Aurreko hilabetearen azken asteartean (29. egunean), Aduna Herri Eskolako IKT arduraduna, Iñaki Pagola, etorri zitzaigun haiek egunez egun burutzen duten lanaz hitz egitera. Esan behar da, haiek duten sistema orokorraz hitz egin genuela baina gehien bat IKTen arloan murgildu ginela.
Hasieran, Aduna herriaz hitz egin genuen, eta Gipuzkoako Tolosaldean (Donostiatik 15 km-ra) kokaturik dagoen 400 biztanleko herri txikia dela esan zigun. Geroago, eskolaren gaian murgildu ginen, eta hurrengo datuak luzatu zizkigun: 68 ikasle daudela; 9 irakasle daudela; eta garrantzitsuena, proiektuen bidez lan egiten dutela, horrek dakarrenarekin, hau da, testu liburuak ez dituztela erabiltzen eta adin ezberdineko haurrek elkarrekin egiten dutela lan.

Geroago, eskolaren heldutasun ereduaz ere hitz egin genuen, hau da, zentroaren digitalizazio maila nolakoa den. Eta nire harridurarako hiru mailetatik (hasierakoa, ertaina eta aurreratua) altuenean zeudela esan zigun Iñaki Pagolak. Horretara iristeko, lan handia egin dela aipatu zuen irakasleak, Aduna herria eta eskola txikiak izateak bai gauza onak eta bai gauza txarrak dakartzalako.
Iada IKTen arloan murgilduak, haiek dohainik eskura daitezkeen softwareak erailtzen zituztela adierazi zigun irakasleak, eta google-appei erabilera handia ematen zietela esan zuen, ondoren haientzako erabilgarrienak zirenak azalduz:
-Agenda/ kuaderno digitala: Egunero egiten dena bertan apuntatzeko erabiltzen dute, hau da, lantzen ari diren gaia, landutako konpetentziak zeintzuk diren, eskainitako denbora zenbatekoa den, taldeka edo banaka egiten den, erabilitako baliabideak zeintzuk diren, zein hizkuntzatan erabiltzen den, eta zein helbururekin egiten den besteak beste. Azpimarragarria da, app honek, agenda hau betetzen zoazen heinean grafikoak sortzen dituela zuk emandako parametroekin, horrela desorekarik ez emateko. Azkenik, proiektuak burutzen dijoazen bitartean, ikasleen ebaluazio jarraia irakasleek bertan biltzen dutela esatea garrantzitsua iruditzen zait (modu erosoa izateaz gain, oso baliagarria da irakasle guztien esku dagoelako).
-Google Classroom: 6 eta 5. mailako ikasleek erabiltzen dute plataforma hau gehien bat, eta bertan irakasleek haurrei ariketak jartzen dizkiete eta baita bertatik zuzentzen dizkiete. Esan behar dut, zuzentzeko zuen metodologia benetan aberasgarria iruditu zitzaidala, akatsa beste kolore batez azaltzeaz gain, irakasleak bazuelako iruzkinak uzteko aukera zuelako, eta nere ustez haurrak horren bitartez hausnarketak egin ditzake akats horien arauak modu sakonago batean ikasteko.
-Google Calendar: Irakasleen lana errazteko edo hobetzeko erabili ohi dute (bilera datak, ekitaldi berezien egunak, irteeren egunak, eta irakasle bakoitzak egiten dituen gauzak), honek, momentu oro zer egin behar duten jakiteko aukera ematen die; hau da, denen artean komunikatzeko tresna bat dela esan daiteke.
Google App-ak alde batera utziz, eskolak web orrialde eta blog propioak zituela esan zigun Iñaki Pagolak. Alde batetik, lehena estatikoagoa dela eta gehien bat gurasoek eskolan ateratzen diren argazkiak ikusteko erabiltzen dutela. Bestetik, bloga aldakorragoa dela esan zigun irakasleak, haurren proiektuak eta lanak ia egunero bertan zintzilikatzen direlako.
Korreo elektroniko luzapen propioa dutela ere helarazi zigun irakasleak, eta ikasle baikoitzak berea zuela aipatu zuen, nahiz eta haren kudeaketa irakasleek zaintzen zuten ("@aduna.eskolatxikia.org").
Bestalde, Alkizako eta Berrobiako eskolekin elkarlanean aritzen zirela esan zigun Aduna Eskoako IKT arduradunak, eta hori ahalbidetzeko, paraleloki egiten zuten lan; bileren ondoren eta partekatzen duten plataformaren bitartez zehaztutako proiektu berak burutuz.
Azkenik, irakaslearen pintzelkada ezberdinak baliatuz, eskola honen ezaugarri garrantzitsuenak biltzen dituen zerrenda hau sortu nahiko nuke artikuluari bukaera emateko:
-Proiektuen bitartez egiten da lan (testu libururik gabe, eta adin ezberdinetako haurren elkarlanarekin).
-Haurren interesen arabera irakasten saiatzen dira.
-Kaleko berrikuntzak, ikasgelan sartzen saiatzen dira.
-Modu sakonago batean haurrek ikas dezaten, praktikotasunean oinarritzen dira (baita ere ondo pasatzen modu hobeagoan ikasten dela uste dute).
-IKTen arloagatik apustu egiten dute praktikotasuna, elkarlana edo komunikazioa eta gardentasuna bilatzeko asmoz.
Besterik gabe: Eguneratuzan/k
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina